Vous lisez:

IPARRALDE 2040: GURE GEROA ESKUETAN HAR DEZAGUN!

IPARRALDE 2040: GURE GEROA ESKUETAN HAR DEZAGUN!

Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluak (IEHGK) lurralde eta partaidetza prospektiba berri bat jarriko du abian: « Pays Basque 2040 – Iparralde 2040 ». Akitania Berriko Eskualdea eta Euskal Hirigune Elkargoa lotzen dituen 2023-2025 kontratuan jasoa, urrats honen xedea da etorkizuneko proiektu handi bat berriz diseinatzea, biharko Iparraldearen etorkizuneko ikuspegi partekatu batean, herritarrak mugiaraziz, eragile ekonomiko eta sozialak, elkarteak eta erakundeak mobilizatuz…

Ekimen hau nondik dator, zein da bere lehia…? Irakurri ezazu Iritzi publiko hau, informazio gehiago lortzeko!

Iparralde 2040: gure geroa eskuetan har dezagun!

Gure azken Biltzar Nagusian (joan den ekainaren 24an, Itsasun), Garapen Kontseiluko kideek «Pays Basque 2040 – Iparralde 2040» abiatzea adostu dute.

Oroitzen direnendako: «Euskal Herria 2010» eta «Euskal Herria 2020» ekimenek sortu dute, azken 30 urteetan, «lurralde proiektuaren» definizioaren inguruko oinarri komun eta mobilizatzaile bat. Iparralde mailako erakunderik ez zelarik, Euskal Herriko Garapen Kontseilua zen horren erdigune nagusia. Urrats horiei esker, ahal bezainbat eragile sozio-ekonomiko eta kultural, hautetsi… bai mundu militantekoak, bai mundu instituzionalekoak, bildu ahal izan dira. Hots, gizarte zibilaren eta instituzioen arteko lurralde-elkarrizketa berri bat, euskal gizartearen lasaitzeko prozesuan lagundu duena. Dinamika kolektibo anitz, aktibitate eremu guzietan, sostengatuak izan dira, gizarte zibila hautetsiekin[1] eta elkargo publikoekin (Estatua, Eskualdea, Departamendua…) lotzen zituzten «hitzarmen» batzuen bitartez. Elkarrizketa-leku horren inguruan, Euskal Herriko gobernantzaren aldaketa azkartu ahal izan ere da: lehenik « estatus bereziko lurralde kolektibitate » baten alde eginez eta ondotik, 2017an, Euskal Hirigune Elkargoaren (EHE) sortzea lortuz.

Geroztik, Garapen Kontseiluaren eginkizuna aldatu da, lurraldea Hautetsien Kontseiluarekin eta elkargo publikoekin batera kudeatzeko modu batetik, parte hartze dimentsio batera pasatuz (bereziki Euskal Hirigune Elkargoarekin). Elkarte izaera eta autonomia atxikiz, Garapen Kontseiluak bere burua berriz asmatzen jakin du: EHEren politika publikoetan parte-hartzaile (NOTRe legea), baina baita esperimentazioak egiteko leku ere, partaide eta erakunde anitzekin. Haren izaerak berdin segitzen du: urtez urte, Garapen Kontseiluak lurraldeko desafioak ikertzen segitzen du, etorkizuna pentsatzeko.

Beraz, « Euskal Herria 2030 » gogoetarik ez da izan, Euskal Hirigune Elkargoaren sortzea baizik. Eta Garapen Kontseiluarendako, bazen garaia eskala handiko « lurralde proiektu » baten lantzeko fase berri baten abiatzeko: urrunago proiektatzeko, gaur egungo politika publikoak baino haratago, baina baita ere euskal gizarte osoa berriz biltzeko Iparralderako proiektu baten inguruan (Herri Proiektua). Akitania Berriko Eskualdeak eta Euskal Hirigune Elkargoak izenpetu hitzarmenean idatzirik, IPARRALDE 2040 ekimenak, beraz, gizarte osoaren proiektu komuna definitu nahi du, gizarte zibila zein politikoarena, ikuspegi partekatu bat, non bakoitzak bere etorkizuna, bere ekintza, sar dezakeen.

IPARRALDE 2040 egitasmoak atxiki beharko ditu hainbeste urtetan eraiki ditugun lorpenik hoberenak. Baina ikuspegi berriak ere zabaldu beharko ditu; belaunaldi oso bat errezibitu beharko du: eragileak, biztanleak, hautetsiak, Iparraldekoak edo jin berriak, EHEren sorrerara eraman gaituen dinamika ezagutu ez dutenak…

IPARRALDE 2040 egitasmoak oinarritu behar du Euskal Herriko kide izatearen sentimendu horretan, bai eta oraindik ere dena posible delako ideia horretan ere… Izan ere, Euskal Herriak erakutsi du, erantzun instituzionalak eskas direnean, gure lurraldeak badakiela aterabideak aurkitzen eta biztanleen beharrei erantzuteko tresnak sortzen. Lurralde honek jakin du bide berezi bat aurkitzen, bai instituzionala eta bai autogestionatua, zeren hemen, beste nehon baino gehiago, sentimendu kolektibo bat baitago, non jendeak, pairatu ordez, bere geroa hautatzera eta bere esku hartzera entseatzen den!

2024ko hastapenetik aitzina, eztabaidak irekiko dira Iparraldeko lau bazterretan, molde berri batzuetan: bai momentu indartsuak, bai espazio intimoagoak, beti hurbiltasunean, entzuten, elkarrekin beti eta gehiago hitz egiteko. Denak gara Euskal Herriko herritarrak, denak balio eta emozio eramaileak, egiteko moldeetan adituak, denak ere eragileak, eta hautetsiak herritarretan sartzen ditugu. IPARRALDE 2040 « herritarren hitza », librea eta parte hartzailea, zabalki hedatzeko aukera izanen da. Gazteak gure arranguraren muinean izanen dira, 2040 batez ere belaunaldi berriena baita!

Garapen Kontseiluak, beraz, euskal gizarte osoa mobilizatzera gomitatzen du. Irailetik goiti, gure elkarteak bere berritze prozesua abiaraziko du eta gure « lurralde historiaren » geroan engaiatu nahi duten kide berriak errezibitzen ahalko  ditu. IPARRALDE 2040ko bide orria urte bukaera arte idatziko da: zuk ere parte har dezakezu, zure ideiak ekarriz eta gurekin bat eginez!

[1] Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluan bildu hautetsiak, non Herriarteko Lankidetzako Erakunde Publikoko hautetsiak, departamendu eta eskualde kontseilariak, parlamentariak… elkartzen baitziren. Horietako batzuk Garapen Kontseiluko kide ere ziren.

 

Partager ces Articles
Faîtes votre recherche puis appuyez sur "entrée"